XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), frantses lukainkak inguruan jartzen ditugu.

Iluntzean Okba gaiñean frantses ez diren soldadoak ikusten ditut, horrek itxaropen apur bat ematen dit: guretarrek agian, gaztelu berria bukatu gabe, suntsituko dute.

Ondikotz! Rumiek ere guretarrak ikusi dituzte, beren morteroa gain hari buruz zuzendu; guk ezin ezer egin.

Naski gauean Mendian aizea txistuka entzunen dugu.

Gaizki nago: oiñak eta eskuak lokarriz trabatuak, ezin lokartuz; nagoen oihalpera urbiltzen zerbait nabaritzen dut; norbait hor dago.

Hamuden semea da.

Arratsean harki frantsestiarren artean herritar hori ezagutu dut baita gauean bisita nezan eskatu ere.

Ezer esan gabe lokarriak mozten dizkit eta biak ixilik lurrean etzinik, bost minutu igitu gabe geratzen gara.

Gero ilunpean Hamuden semearen... Iazid-en eskua senditzen dut, nerea zabaltzen... esku irekian pistola ipintzen.

Eskua luzatzen dudanean haren PM-a hukitzen dut.

Halere eskuak gorbera, malgor, oiñak gogor odola zaiñetan kurri dadin, giharreak mantsotu ditezen, egurukitzen dugu.

Prest gaude, ateratzeko iges egiteko... Zoritxarrez, bapatean tiroketa harrigarria hasten da.

Lehenik Okba gainetik gure MG amitrailladorak zarata ozena egiten du... ez luzaro, ordea, Rumien morteroak huki duke... ixildu da; halere guretarren hiru FM handiak azkarki ari dira.

Dudatzen dugu herritarrak itxarotzen, egurukitzen ditugun ala ez.